HURRENGO LIBURUA

IRAKURZALEOK!!! APIRILAREN 18AN, "ERROTIK" LIBURUAZ ARITUKO GARA GOTZON BARANDIARANEKIN. ANIMA ZAITEZTE ETA ETORRI GUREKIN!!
Bannerra
Jarri gurekin harremanetan! admin@irakurzalekluba.com irakurzale_kluba@hotmail.com

Iharduerak

Azken hilean Maiatza 2012 Hurrengo hilean
A A A O O L I
week 18 1 2 3 4 5 6
week 19 7 8 9 10 11 12 13
week 20 14 15 16 17 18 19 20
week 21 21 22 23 24 25 26 27
week 22 28 29 30 31
Iharduerarik ez

Inkestak

E-BOOK ALA BETIKO LIBURUA. ZEIN GAILENDUKO?
 
KARMELE JAIO
Administrator-k idatzia   
Asteazkena, 2010(e)ko urtarrila(r)en 20-(e)an 23:41etan
Hits smaller text tool iconmedium text tool iconlarger text tool icon

 Karmele Jaiori buruz gehiago jakin nahi baduzue, hona hemen biografia eta elkarrizketatxo bat.

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) kazetaria da ikasketaz eta lanbidez. Literaturan, bi ipuin bilduma kaleratu ditu orain arte: Hamabost zauri (2004) eta Zu bezain ahul (2007), eta eleberri bat, Amaren eskuak (2006)

"BAKARDADEAZ IDAZTEN HASI NINTZEN, ETA ADISKIDETASUNEZ BUKATU"

Bigarren nobela duzu hau, laugarren liburua; ipuin-bildumen eta eleberrien txandakatze hau berez etorri da ala...?

Aurreko nobela bukatu nuenean, sekulako gogoa piztu zitzaidan berriz ere ipuinetara bueltatzeko. Eta berdin gertatu zitzaidan ipuinak idatzi ondoren, nobela idatzi nahi nuela. Txandakatze hori ez dago aldez aurretik programatua baina nik uste dut osasuntsua dela eta horregatik egiten dudala. Generoa aldatzeak laguntzen dio buruari, haize berria da. Nik uste hurrengoa ipuinak izango direla. Baina batek daki. Esan edo kontatu behar dudanaren arabera, izango da nobela, edo ipuina, edo beste gauzaren bat, nork daki. Gaiak berak aginduko dit.

 

Lehen nobela kaleratu zenuenean, ipuinak idaztea baino gogorragoa egin zitzaizula aipatu zenuen. Eta oraingoan? Ofizioa ikasiago edo...?

Aurretik beste eleberri bat idatzi izanak asko lagundu dit hau egituratzeko eta lantzeko orduan, dudarik gabe. Nik, dena den, beti esan dut neure burua gehiago ikusten dudala ipuingile nobelagile baino. Eta oraindik ere horrela dela uste badut ere, egia da bigarren eleberria idatzi bitartean bidea hobeto ezagutzen nuela sentitu dudala.

 

Publikoaren oihartzuna ere beroagoa izan zen nobelarekin: salmenta, itzulpenak, zinemarako jauzi posiblea...

Bai komunikabideen aldetik eta bai irakurlegoaren gehiengo baten aldetik ere, garrantzi handiagoa ematen zaio nobelari ipuin liburuari baino. Oraindik ere askorentzat ipuina genero txikiagoa da, eta ez zaio merezi duen balioa ematen. Dena den, euskal literaturan esan behar da gure inguruko beste literatura askotan baino garrantzi handiagoa dutela ipuin liburuek. Gurean zenbat ipuin liburu argitaratzen diren ikustea besterik ez dago.

 

Gatozen nobelara. Kontakizunaren hasieran irudi bat daukagu, hainbat oihartzun dakartzana: emakume bat, etxeko leihotik begira. Hori izan zen eleberriaren abiapuntua edo...?

Irudi hori izan zen abiapuntua, bai. Eta irudi hori burura etorri zitzaidan gogoa nuelako bakardadeaz hitz egiteko, bakoitzak bere bakardadean entzuten duen musika horretaz, bakoitzaren barne musikaz. Badago gurekin bizitza osoan doan musika moduko bat, gure bizitza markatzen duen musika bat, hor, buruan itsatsita geratzen zaiguna, haurtzaroko kanta bat bezala, eta ia konturatu gabe isilean abesten duguna. Eta horren konposaketan bizitzan gertatu zaigun guztiak du zeresana. Gu gara gu eta gure bizitzan gertatu zaiguna, eta zentzu horretan, nobela honetan egiten da hausnarketa bat iraganaz. Iragana oraina ere bada. Iraganean gertatu zaigunak oraina baldintzatzen du, hor grabatuta daukagu, nonbait, haurtzaroan ikasitako abesti baten leloaren antzera.

 

Istorio nostalgikorako bidea eman zezakeen abiapuntu horrek, baina gero oso gutxi dago horretatik.

Iraganaren nostalgia baino gehiago, iraganak eragindako samindura dago agerian protagonistaren hitzetan. Erruak eta damuak daude hor min egiten, irekitako zaurien antzera zizt egiten. Zentzu horretan, nobelaren hasiera gogorra edo tristea izan badaiteke ere, itxaropenak indarra hartzen du aurrera doan heinean, eta horren isla da protagonistaren beraren eboluzioa nobelaren hasieratik bukaeraraino.

Nobela adiskidetasunaren aldeko aldarria ere bada: aldez aurretik zeneukan tesia  da, ala idatzi ahala sortu dena?

Bakardadeaz idazten hasi nintzen, eta adiskidetasunaz idazten bukatu. Zentzu honetan, nobelan zehar egiten dira galdera batzuk. Adibidez, posible al den behin adin batera helduta, haurtzaroko adiskidetasun puru, garbi eta baldintzarik gabeko hori mantentzea. Eta posible ez bada, nork jartzen dizkion trabak adiskidetasun horri, bakoitzak libreki ala gizarteak berak. Hau da, libre al garen gure harremanak nahi dugun moduan bizitzeko.

 

Belaunaldi desberdinen arteko kontuak agertzen ziren "Amaren eskuak" eleberrian ere; zer desberdintasun daude hemen, planteamenduan, ikuspegian, helburuetan...?

Amaren eskuak nobelako gai bat errepikatzen da Musika airean honetan (esaten dute idazleek liburu bera idazten dutela behin eta berriz, ez?). Belaunaldi ezberdinek bizitako garaiak oso ezberdinak diren arren, badira hor beti errepikatzen diren gauzak, eta hori kontatzeko musika oso metafora egokia iruditzen zait. Horregatik esaten da nobelan abestiak airean geratzen direla, eta beti dagoela musika bera airean. Atzo eta gaur. Hori bai, hemen emakume nagusi baten ikuspegitik begiratzen zaio munduari, eta Amaren eskuak nobelan emakume gazte baten ikuspegitik. Eta hori nabaritzen da. Bizitza oso baten ondorengo esperientziatik hitz egiten du Elenak.

 

Adin desberdinetakoen kontrasteaz gain, bada garrantzia hartzen duen beste elementu bat: immigrazioa, Beatriz pertsonaiaren eta haren familiakoen bitartez.

Bizi dugun errealitate baten isla da. Kanpotik etorritako hainbat emakume daude gaur gure nagusiak zaintzen. Errealitate horretatik abiatuta, oso interesgarria iruditzen zitzaidan emakume hain ezberdin hauen artean sortzen diren harremanak zulo txiki batetik ikustea. Orokorrean ere jorratzen da immigrazioaren gaia bera, eta protagonistak gogora ekartzen du nola garai batean bere familiak ere atzerrira joan behar izan zuen. Hor ere musika bera... Atzo eta gaur, han eta hemen.

 

Ez dakit esan litekeen nahiko nobela "femeninoa" atera zaizula, pertsonaia nagusi guztiak emakumezkoak diren aldetik. Erabaki baten ondorioa izan da, berez irten zaizu...?
Ez dakit zergatik esan behar zaion nobela femeninoa emakumezkoak protagonista dituen nobela bati, protagonistak gizonak direnean inork ez duenean esaten nobela maskulinoa dela, maskulinoa neutroa balitz bezala. Agian gehienetan protagonista maskulinoak izaten direlako, eta horretara ohituta gaudelako. Dena den, galderari erantzunez, ez da erabaki baten ondorioa izan, berez irten zait.

 

Egituraren aldetik, erritmo berezia du nobelak: zati pausatu, gogoetatsuekin tartekatzen dira zati labur eta elkarrizketatuak.

Protagonistaren hausnarketak, alde batetik, iraganaren kontakizuna eta oraina. Hirurak nahasten dira, eta zentzu horretan badaude zati pausatuagoak eta beste zati batzuk, orainaldikoak, akzio gehiagokoak. Gainera, kasu askotan oso kapitulu motzak erabiltzen ditut batzuetatik beste batzuetara pasatzeko.

Azken eguneratzea hemen: Asteazkena, 2010(e)ko abendua(r)en 15-(e)an 15:22etan
 
© 2008 irakurzalekluba.com | Joomla 1.5 Templates by vonfio.de