Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Bernardo Atxaga katedra New Yorkeko CUNY (City University of New York) unibertsitateko Graduondoko Zentroan egongo da eta gaur (2011-9-12) hasiko du jarduera akademikoa Atxagak berak emango duen mintegi batekin. Katedraren irekiera dela eta hainbat kultur jarduera antolatu dira New Yorken.
Bernardo Atxaga Chair in Basque Literature and Linguistics, horixe izango du ingelesezko izena CUNYko ikertzaile eta adituei zuzendutako katedra honek. Urtean behin edo bitan euskal idazle edo aditu batek mintegiak antolatuko ditu, eta hitzaldiak ere egongo dira jarduera akademikoaren baitan.
2008 urtean Mondello Saria irabazitako idazleak, Soinujolearen semea, Gizona bere bakardadean edo Obabakoak bezalako obren egileak berak emango dio hasiera katedrari "Cultura y cambio político en Euskadi" mintegiarekin. Atxagak idazketa, euskal kultura eta politikaren inguruan hausnartuko du. Mintegi hau astelehenetik ostiralera izango da eta Graduondoko Zentroan matrikulatutako ikasleei bakarrik dago zuzenduta.
Halaber, Etxepare Euskal Institutuak, CUNYko Graduondoko Zentroak eta New Yorkeko Euskadiko delegaritzak hainbat ekitaldi antolatu dituzte astean zehar euskara eta euskal literatura New Yorkeko publikoari gerturatzeko asmoz.
Joan den irailaren 9an, Mari Jose Olaziregik (Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria eta Atxagaren obran aditua) Asteasuko idazlearen obraz hitz egin zuen.
Bihar, asteartea, Atxagak poesia errezitaldi bat eskainiko du Jabier Muguruza musikariarekin eta Amaia Gabantxo itzultzailearen laguntzarekin. Katuak eta paradisua izeneko ikuskizun hau euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da, eta musika eta literatura uztartuko ditu.
Zineak era izango du bere tokia. Izan ere, Aizpea Goenagak zuzendutako Zeru horiek filma ikusi ahal izango da ostiralean (irailaik 16), Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutakoa.
Katedraren inaugurazio ofiziala irailaren 16an egingo da, arratsaldez, eta idazleaz gain, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Eusko Jaurlaritzako, Etxepare Euskal Institutuko eta CUNY unibertsitateko ordezkariak egongo dira. Gainera, New Yorken bizi diren euskal sortzaileak ere bertaratuko dira, baita New Yorkeko kultur eta literatur munduko jendea ere. Izan ere, katedrak bi kulturen arteko sinergiak eta elkarlana bultzatzeko tresna ere izan nahi du.
ERABILI.COM-etik aterata.




Facebook