«Berritu nahi ez duzun tokian zanpatzean, memoriak min ematen du»
Anjel Lertxundik bere belaunaldiaren «erradiografia posible bat» egin du 'Etxeko hautsa' nobelan, zalantza eta galderez josia. Pertsonaia nagusiaren «barruko irakinaldia» kontatzea izan du erronka nagusi egileak.
JUAN LUIS ZABALA DONOSTIA
Bere belaunaldiaren «erradiografia posible bat» osatu du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) Etxeko hautsa nobelan (Alberdania), hautu moralen inguruko zalantza eta galderez betea. Nobelako kontalari eta pertsonaia nagusiak hogei urte lehenago egin zuena aitari lehenengoz kontatzea erabaki du: Franco hil aurreko urteetan, adiskide baten eskariari erantzunez, ETAko bi kideri laguntza eman zien, ETAkoak zirela jakinaren gainean, herri batetik bestera eramanez autoan. Aitak ezin dio ulertu esaten diona, oroimena galdua baitu gaitz degeneratibo baten ondorioz, baina semeak kontatzen jarraituko du, eta kontaketak aurrera egin ahala egindako hautu moralen inguruko zalantzak eta galderak sortuko zaizkio, irakurleak ere bere egingo dituenak. «Artefakto literario bat elaboratu dut, eta orain neronek ere ez dakit nola funtzionatzen duen. Literatura da», esan zuen Anjel Lertxundik atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. «Nire esperientzia eta talaia pertsonalenetik hurbil dagoen nobela bat da Etxeko hautsa, gertakarietan oinarritua. Ez da, ordea, nire autobiografia pertsonala. Esango nuke nire belaunaldiaren erradiografia posible bat dela». Lertxundiren nobelaren gaztelaniazko bertsioa ere kaleratu du Alberdaniak, Los trapos sucios.
Belaunaldi hori «heziketa guztiz estu eta guztiz dogmatiko» batetik zetorrela ekarri zuen gogora. «Gazteak ginen, eta Antonio Tabucchik liburuan jarri dudan aipu batean dioen bezala, tontoak ginen. Baina lortu nahi genuen eta amesten genuen mundua, eta hori lortu nahia, ez zen oker bat. Okerra zen, kasu askotan, eta nire belaunaldiaren kasuan, hartutako bidea. Erresistentzia eta indarra gauza bera balira bezala jokatu genuen, txanpon beraren bi alde bazterrezinak balira bezala. Ordutik hona denbora asko pasatu da, eta pasatako urteetan memoria pisuz handitzen joaten da, hornitzen joaten da eta astundu egiten da. Eta gertatzen da memoriak asko pisatzen duela; eta berritu nahi ez duzun tokian zanpatzen duzunean, memoriak mina ematen duela».




Facebook