Nazioarteko Letren Bilboko jaialdia inauguratu du idazle indiar-britainiarrak. Ipar Afrikako matxinaden inguruan hausnarketa egin du.
Besteak beste, askatasuna, zentsura eta autozentsura bezalako kontzeptuak landuko dira datozen egunotan. 'Mundua bat egiten den lekua' solasean parte hartu du lehen jardunaldi honetan Rushdiek, eta Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko matxinaden inguruko hainbat hausnarketa mahai gainean utzi ditu Bilbora egindako bisitan.
Zentsura (edo autozentsura) kontzeptu berezia da Salman Rushdie idazlearen ahotsean, 1989tik fetua baten mehatxupean bizi baita. Jomeini aiatolahk, Irango buruzagi erlijiosoak, heriotza zigorra ezarri zion The Satanic Verses lana idazteagatik.
Egoera honek Rushdieren bizitzan eta lanean eragin nabarmena izan du, baina idazleak argi utzi du fetuaren ondoren ez duela inoiz bere burua zentsuratu. ''Hori egitea heriotza da artista batentzat. Egileak barruan zerbait uzten duela agerikoa bada, ez dut uste inork lan hori irakurtzeko interesik izango duenik'', gaineratu du.
Ez du gustuko jendeak bere lanaz baino fetuaz gehiago hitz egitea: ''20 urte daramatzat gai honen inguruan hitz egiten, eta, dagoeneko, esan dut esan behar nuen guztia'', azpimarratu du.
Urteetan esan omen duen guzti hori oroitzapen liburu batean biltzen ari da orain, eta urte bukaerarako amaitzea espero du. ''Autobiografia itxurako lan bat da'', argitu du. ''Nire bizitza ez da bereziki interesgarria, baina maldizio bat daukat gainean: interesa pizten dut'', esan du.
Bere egoera Roberto Savianok bizi duenarekin alderatu daiteke. Gomorra lana kaleratu ondoren, mafiak heriotz mehatxua jarri dio. ''Oso egoera zailean dago Roberto. Nik bizi izan nuena baino egoera latzagoa pairatzen du berak''.
''Terrorista izatea aspaldiko kontua da''
Paul Holdengräberrekin batera solasean aritu da Rushdie ostegun honetan. Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko matxinaden inguruko hausnarketekin bukatu dute ekitaldia, eta matxinada horiek izan dira lehenago kazetariekin landu duen gaietako bat.
''Ez da fenomeno bakar bat: Tunisian edo Egipton gertutakoa eta Libian edo Yemenen gertatzen ari dena ez dira gauza bera''.
Hori bai: Rushdieren hitzetan gatazka guztiak ez dira desegingo. Irainen kasuan, idazleak uste du gazteek aldaketarako grina dutela. Dena, den, bere ustez, ''bertako agintariak Gadafirekiko antzekotasun gehiago dute Tunisia edo Egiptoko agintariekin baino: zakarkeria handiaz aritzeko gaitasuna dute''.
''Arabiar munduan gertatzen ari denaren benetako galtzailea Al Qaeda da'', esan du. ''Gazteek agerian utzi dute dagoeneko ez dela beharrezkoa terrorista izatea aldaketak lortzeko. Terrorista izatea aspaldiko kontua da, sobran dagoen zerbait'', esan du bukaera gisa.




Facebook