Gorka Erostarbe. (berria.info)
Hendaia
Oratoriarako gaitasunik ez duela dio berak, eta esan beharrekoak liburuetan esaten dituela. Baina ondo jantzitako diskurtsoa du liburuetatik kanpo ere Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). Inguratzen duen gizarteak deseroso sentiarazten du, are asaldatu ere bai. Deserosotasun horri aurre egiteko edo, berak dioen moduan, «bizirik irauteko» tresna du literatura. Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) eta Haragia (Susa, 2007) ipuin liburuekin literaturaren plazan lekua ez ezik izena ere eskuratu ostean, zama guztietatik libre izanik idatzi gura zuen Katu jendea ere (Elkar, 2010), hirugarrena. Eta neurri batean lortu duela dio.
Hirugarren liburua kalean izanik, oraindik ere zergatik idazten duzun ondo jakin gabe al zaude?
Ondo jakin gabe, ondo esan duzu. Zerbaiten susmoa badut, baina jakin, egia esan, ez. Esango nuke bizirik irauteko egiten dudala. Ondorio hori atera dut.
Nola konturatu zara horretaz?
Lehenik eta behin, ez jakiteak horretan pentsarazita. Eta, gero, ikusita poz gutxi ematen duela idazteak baina idatzi gabe ezin bizi halere. Bizi bai, baina herren. Hasten zara idazten jakin gabe nora iritsi nahi duzun, eta konturatzen zara idazketak berak ekartzen dizun egoera mental, emozional, psikologiko, psikiko eta, are, fisiko horrek baduela zerbait onetik, eta literaturatik oso aparte dagoen zerbait. Horregatik uste dut bizirik irauteko idazten dudala, baita mundua ulertze aldera ere. Baina mundua ulertzeko nahi hori zer da, ez bada bizirik irauteko grina hori?
Aurreko liburuen esperientzia desberdina izan al zen? Ez zenuen halakorik sentitu?
Bazegoen antzeko sentimendu bat, lehenengo liburuan identifikatu gabea oraindik ere eta bigarrenean mozorroa kentzen joan zena. Uste dut hirugarrenari ekin aurretik asmatu nuela nondik zetorren bultzada estetiko hori.
Ipuinarekiko fideltasuna berezkoa duzula esan izan duzu. Nobela bat egiten ere saiatu omen zinen, baina ezin...
Saiatu ere ez, baina zirriborroa banuen. Banuen gaia, banuen pertsonaien inguruko datu mordo bat, dokumentazioa bildua, baina egituratzen hasi nintzenean konturatu nintzen ustez nobela baterako ematen zuen material garrantzitsu hori dena ederki asko sartzen zela narrazio luze samar batean. Narrazioa idatzi, eta konturatu nintzen lehenengo esaldia nahikoa zutela gaiak, ipuinak eta pertsonaiek buruaski izateko, eta, horrenbestez, ez da sartu bilduma honetan. Mikro-ipuin bat zen.
Soberako hitzik ez du zure idazkerak. Esan izan duzu hitza zerbait adierazteko baino gehiago zerbait ezkutatzeko tresna bilakatu dugula. Komunikatzeko tresna baino gehiago, inkomunikatzeko tresna?
Inkomunikazioa ere bada komunikatzeko manera bat, baina ez benetan komunikatu nahiko genukeena edo benetan esan nahi genukeena esateko. Interesante plantak egitea, edo seduktore plantak egitea, komunikatzeko manera bat da. Norbait oso serio ikusi, eta pentsatuko dugu oso inteligentea dela; berriz, norbait oso berritsua denean, kontrakoa pentsatzen dugu askotan. Beraz, isiltasun horrek ere ekar dezake gaizki-ulertua. Horregatik esaten dut hitza aho biko tresna bilakatu dugula. Berez hitza nahi genuen hori zehaztasunez esateko sortu zen, baina hainbesteko sinbolismora ailegatu gara, non ez garen gogoratzen zer esan nahi genuen. Nik badut problema bat hitz-jariokeriarekin, bai idaztean eta bai irakurtzean. Nik oso poliki idazten dut, eta nahiko banu ere, ezingo nuke hitz askorekin idatzi, eta saiatzen naiz behar diren hitzak, behar diren esaldiak, behar diren paragrafoak erabiltzen. Batzuetan eskua joango zait eta gehiago jarriko ditut, eta beste batzuetan gutxiegi jarriko ditut. Oreka horretan dago gakoa, edo magia.
Ipuinak gaur egun behiala baino estimazio handiagoa al du? Edo sentitzen al duzu idazle peto-petoa izateko nobela bat idazteko presioa?
Herrialde batzuetan ipuingintzak gorakada handia izan zuen garai batetik hona. Euskal Herrian ere bai akaso, baina ez daukat daturik. Irakurlearen masa handienak nobela nahi du. Hori horrela da. Eta kazetariek hurrengo nobela noizko aterako den galdetzen dute. Estimazioa? Literaturaren zatirik literarioenean ez dut uste estimazio horren beharrik duenik ipuingileak, baina alderik publikoenean baietz uste dut. Eta presio hori kontzienteki ez dut sentitzen, baina ziurrenik inkontzienteki bai.
Zeu, gaur-gaurkoz, gustura sentitzen zara ipuingile jardunean?
Bai, idazten dudanean ere ez dut pentsatzen 'ipuin bat egingo dut'. 'Istorio hau kontatu nahi dut', esaten dut. Kasualitatez orain arte kontatu nahi nuena ipuinetan kabitu da. Orain ez dut beste ezer jakin nahi; arnasa hartuko dut. Ez dakit zer idatziko dudan hurrena.
Testuaren luze-laburrak alde batera utzita, fidel izan zatzaizkion beste puntu bat gizarteari egin diozun kritika zorrotza da, nahiz eta liburu honetan gizarteari berari baino gehiago gizabanakoari egiten ote diozun begirada gordin samarra...
Oso zaila gertatzen da norberaren ikuspegitik distantzia hartzea ikusteko nola begiratzen diodan nik munduari. Oso distantzia hartze zaila da. Mundu batean bizi naiz, komunitate batean bizi naiz, sentimendu batzuk eragiten dizkidan herrialde batean. Horrek ni modu batera zizelkatu nau. Bertako produktu gara, eta bertako produktu naizen aldetik begiratzen diot inguruari. Egia da ez dela gehien maite dudan gizartea. Momentu honetan ez nago harmonia betean inguratzen nauenarekin. Horregatik bizirik irautearena.
Gizarteari begirada hori botatzean katu jendeaz ari zara. Orain bizpahiru urte Harkaitz Zubirik Zakur kale izeneko liburua atera zuen. Narrazio laburrez osatua eta gizartearen kritika gordina egiten zuena hura ere. Hura zakur jendeaz ari zen, zu katu jendeaz.
Eman niezazuke erantzun literarioa edo sintzeroa. Zer nahi duzu?
Biak?
Izenburuak asko markatzen du liburua, baina ipuin baten izenburua da, lehenengo narrazioarena. Badago tradizio luze bat non zilegi den ipuin baten izenburua ematea liburu osoari. Hori da egia.
Eta azalpen literarioa?
Esan nezake nola garen gizakiok disimulu zaleak, nola garen ustez buruaskiak, edo itxura hori eman nahi dugun, nola intimitate beharra sentitzen dugun egoerarik makurrenetatik hasi eta ohikoenetara, eta horretan oso katu gara. Hori da gezurra. Edo paraliteratura. Nik testu bat idaztean testuan esandakoa esan nahi izaten dut, eta gero hortik kanpora esaten dudana, nire kasuan behintzat, paraliteratura da.
Baina paraliteratura hori izan liteke baliagarria.
Bai, jakina. Irakurle batek, tamalez edo zorionez, ezin du testua bakarrik irakurri. Hori da literaturaren aje bat. Oso zaila da idazle baten testua hartzea eta testu hori bakarrik irakurtzea, batez ere Euskal Herrian. Nik [Joseba] Sarrionandiaren testu bat irakurtzen dudanean, haren bizi egoera irakurtzen dut, haren aurrekariak, haren etorkizun posiblea, haren komunitatea... Eta beti espero dut zerbait, espektatibak sortzen zaizkit. Testua beti dago kutsatuta. Zenbat eta gehiago ezagutzen dudan idazlea, orduan eta kutsatuago dago testua, onerako zein txarrerako. Bai, balio du, tamalez, idazlearen itxurak, argazkietako poseak, esaten duenak... Idazleari benetan axola behar zaiona testua da. Gehitxo litzateke irakurleari ere gauza bera eskatzea. Zorionez, Euskal Herrian nahita ere ezingo genuke gure irudia asko mediatizatu. Oso idazle gutxik egiten du hori. Hori gure alde.
Desira da liburuaren zutabeetako bat. Desira erotiko xaloaz baino gehiago, desiraren ertzez, desenkontruez diharduzu. Lehen ipuinaren amaieran diozun moduan, hiltzen utzitako desioaren usain horretaz. Desioa bizigarri eta kaiola al da era berean?
Desioa beti da bizigarri. Kaiola bihurtzen da desio hori itotzen duzunean, zure barrenetik erauzten duzunean. Nire ustez, desira beti da on, nahiz eta zure bikotekidearentzat edo zure gurasoentzat ez hain desiragarri izan. Baina bizigarri beti da. Azken finean, zerbaiterako grina sentitzen duzu, eta gaur egun, horretarako propio sorturiko estimuluak hartu gabe - hau da, pastillak hartu gabe, izan legalak edo ilegalak- oso zaila da bizitzea zentzu horretan, animalia sentitzea, onartzea eta hori kudeatzen jakitea.
Desiraren albo-alboan lehia dator. Eta lehia hori muturrera eramanda ageri da Omar ipuinean, zeinetan ama-alabak ageri diren lehian.
Bai, lehia betean. Nik uste dut oso lehia ohikoa dela guraso eta seme-alaben artekoena, batez ere ama eta alaben artekoa, eta aita eta semeen artekoa. Uste dut ez dudala gauza tremendo bat agertu. Gure inguruan oso ohikoa den baina izendatzen zaila den gertakari bat da, eta niri asko interesatzen zait familiaren barruan zer gertatzen den gaur egun, zer gertatzen zaien nire belaunaldikoei beren gurasoekin eta beren seme-alabekin.
Asko aldatzen ari den instituzio bat delako familia?
Bai, baita familiaren barruan tranpa gutxi egin daitezkeelako ere. Horregatik, asko interesatzen zait familiaren barruan gertatzen direnak erretratatzea. Frantsesek oso ondo egiten dute hori, batez ere zineman, eta batez ere komedietan. Esperpento hutsa dirudite, baina edozein euskal familiari gertatzen zaizkio horrelakoak.
Omar eta Hazia ipuinetan bi amatasun eredu ageri dira, eta ez dira oso eredu onberak.
Onbera ez dena da pentsatzea emakume bat ama izate hutsagatik ona edo onbera dela. Gizarteak edo inkontziente kolektiboak hori pentsarazten digu. Ematen du norbaitek umea duenean -emakumeaz ari naiz, hazia ipintzeak ez baitzaitu hainbeste inplikatzen- sentimendu gozo, amultsu eta maitasunez betea izan behar duela ezinbestean... Nik ez dut uste honetan ere muturrera joan naizenik. Gero badago umorea ere ipuin horretan, literaturaren eremura eramateko eta ez hain tremendo egiteko, zeren era berean barregarria ere bai baita. Barregarria da esan dezakezunean; isildu egin behar duzunean, isildu behar dituzunean zure mutil-lagun, neska-lagun, seme-alabekiko sentimendu horiek guztiak, hori bada larria. Gakoa hori da: ama izateak ez zaitu on bilakatzen, nahiz eta komeniko litzatekeen, politikarien, agintarien, gizonezkoen ikuspegitik.
Gizartea merkatuarekin parekatzen duzu narrazio hauetan. Estrategiak eta kalkuluak garrantzia dute merkatu horretan.
Hazia-n horri egiten diot barre, baina horrela dago antolatuta gizartea. Jendeak ez du aukeratzen noiz izan guraso bere behar fisiologiko edo emozionalen arabera; daukan lanbide eta lan kontratuaren arabera aukeratzen du. Ebidentzia enpiriko bat da ama izan eta gero merkatuko ate batzuk itxi egiten zaizkizula eta ez bakarrik sexual edo sentimentalak, horiek ere bai, baina baita laboralak ere. Batek baino gehiagok esan izan dit aukeratu duela umerik ez izatea, ez duelako hainbesteko senik eta, gainera, gizonezkoen aukera berberak izan nahi dituelako lan merkatuan. Eta hori tranpa da, ze gizonezkoek aukera berberak dituzte aita izan ala ez izan. Uste dut helburua dela aukera berdinak izatea ama izanda eta ez izanda ere. Hor asko dago estrategiatik, eta estrategia horrek kutsatzen ditu gure nahiak, gure instintuak mekanizatu egiten ditu. Horren produktu gara. Produktu gara, merkantzia.
Haragia-rekin alderatuz, oso desberdina izan al da idazketa prozesua?
Bigarren hura idaztean banuen zama bat, bigarren liburuaren zama. Oraingo honetan ez nuen. Oso libre aritu naiz. Nahi nituen gai, pertsonaia, istorioak hautatu eta landu ditut. Oso neure kasa eta oso aske sentitu naiz, inori ezer zor ez banio bezala.
Bigarrena ateratzean esan zenuen ez zenuela nahi inork esaterik zeri buruz idatz zenezakeen. Ramon Saizarbitoriak duela gutxi esan du askatasunez idaztea galtzen ari dela. Zuk hori lortu duzu?
Erabateko askatasuna ezinezkoa da, lehen aipatu ditugun kutsadura horiek direla eta. Irakurleak ezagutzen duelako idazlearen biografia: zenbat urte dituzun, zeini ematen diozun botoa gutxi gorabehera, homosexuala zaren ala ez, eta batez ere, zein argitaletxerekin plazaratzen duzun, horrek asko markatzen baitu. Baina idazleari ere eragiten dio kalean dagoen eskakizunak. Bueno, kalean ez dago eskakizunik, jendeari bost zaio zer idazten dudan nik, baina badago airean zera bat... korronteak, joerak, estiloak, ez dakit nork kritika batean esandakoa, ez dakit zer idazlek egindako gomendioa... oso zaila da horri ihes egitea. Idazten jartzean ekipaje horrekin guztiarekin idazten baituzu. Baina ahalegina egin behar du idazleak testuan kontzentratzeko, nahiz eta oso zaila den testuan bakarrik kontzentratzea. Gu merkantzia bagara, gure liburuak zer dira?
Haragia-n bazen gatazka politikoari loturiko testu bat, eta Katu jendea-n ere bada beste bat, On the Road izenekoa, gainerakoen girotik aldentzen dena. Bi liburuetan erabaki kontzientea izan da?
Haragia idatzi aurretikoa da On the Road. Hor tranpa da gatazka politikoaz ari garenean zertaz ari garen. Nik uste dut badagoela politika liburu honetan, nahiz eta ez izan gatazkari hertsiki loturiko ipuinak... baina idatzi nahi dut gatazka politikoari hertsiki lotzen zaion zerbait. Kezka handia dut hori nola idatzi, hori nola eraiki, nola sortu fikzio bat, pertsonaia fiktizioak sinesgarriak izango direnak gauden egoera honetan, fribolizatu gabe, edo behintzat gatazkari duen tamaina emanez. Ez du zertan izan gauza tragiko bat. Izan daiteke testu umorezko bat, baina ez dakit nola egin. Asko arduratzen nauen gai bat da. Une honetan hori da nire kezka literarioa.
Anbizio literarioz idazten zutenen eta literatura errazago bat idazten zutenen arteko bandoak aipatu zituen Saizarbitoriak elkarrizketa berean. Banaketa hori ikusten duzu?
Banaketa hori ez da hain ebidentea. Agian, ez da anbizio kontua; izan liteke gaitasun kontua ere. Badira hortik bizitzeko idazten duten idazleak, agian geroz eta gehiago, baina, hala ere, uste dut gutxi direla. Idazten dutena ez dakit den etekin ekonomikoari begira egindako apustu bat edo beraien gustu edo gaitasunen araberako zerbait. Ez nuke jakingo esaten. Nik ez dut pentsatzen idaztean literatura erraza egingo dudan edo anbizioaz idatziko dudan. Nik istorio bat idatzi nahi izaten dut, ahalik eta modurik eraginkorrenean, nik eragin nahi dudan sentimendu hori eragiteko. Tranpa ere egiten da. Anbizio literarioa dutenek badute kalitatearen aura hori, eta batzuetan literatura erraz hori baino okerragoa izan liteke anbizio literario ustezko horiek idazten dutena. Hau da, zenbat eta kriptikoago idatzi, zenbat eta zailago idatzi, orduan eta hobea? Ez, ez nago konforme. Zenbat eta errazagoa izan, orduan eta okerragoa? Horrekin konformeago nago.
Kalitatearen marka jarri dizute kritikariek.Literaturaren plazan berri samar izanik, nola eragin du horrek zugan?
Alde batetik, eskertzen duzu konfiantza; bestetik, aho biko aiztoa da, zama ere badelako. Oraintxe hasi naiz. Oso gaztea naiz idazle izateko. Utzidazue denbora bat.




Facebook